XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

5 Ikastunitatea

Irakur itzazu arretaz ondoko esaldiak:

a) Orainaldiko eta geroaldiko alegiazko baldintzak


- Oporretan elkar ikusiko bagenu, elkarrekin joango ginateke bazkaltzera.
- Zaplastada bat emango banizu, haserretu egingo zinateke nirekin.
- Dirua edukiko balute, opari bat egingo ligukete.
- Mikel, aspaldiko laguna, etorriko balitzait, ezagutu egingo nuke.

b) Lehenaldiko alegiazko baldintzak


- Oporretan elkar ikusi izan bagenu, elkarrekin joango ginen bazkaltzera.
- Zaplastada bat eman (izan) banizu, haserretu egingo zinen nirekin.
- Dirua eduki izan balute, opari bat egingo ziguten.
- Mikel, aspaldiko laguna, etorri izan balitzait, ezagutu egingo nuen.

c) Baldintza ez alegiazkoak


- Oporretan elkar ikusten badugu, elkarrekin joango gara bazkaltzera.
- Zaplastada bat ematen badizut, haserretu egingo zara nirekin.
- Dirua badaukazu, opari bat egingo diguzu.
- Mikel, aspaldiko laguna, etortzen bazait, ezagutu egingo dut.

a) multzoko adibideetan ikusten duzunez, orainaldiko eta geroaldiko alegiazko ideia irreal hori adierazteko, aditz nagusiari -KO erantsi behar zaio bai aurrekoan eta bai ondorioan.

Alegiazko ideia irreala esaten dugu, gertatzeko aukerarik apenas dagoelako (a) eta b) multzoak).

Esaldian esaten dena gertatzeko aukerarik izanez gero, alegiazko baldintzei dagozkien aditz laguntzaileak erabili gabe, ez alegiazko baldintzari dagozkionak erabili beharko lirateke (c) multzokoak).

Jakin ezazu, hala ere, paperetan oso erraz egiten diren ezberdintasunak, gero, eguneroko praktikan, askotan ez direla horren argi egoten.

b) multzoko esaldiak, berriz, lehenaldian gertatu ez den zerbaiti buruzkoak dira.

Argi dago esaldi horiek irrealak direla erabat; gertatu ez den gauza bati buruzko gogoetak baino ez dira.